Eliza,
Ikastolak, Elorrio eta Ibarretxe
Iñigo Santxo Uriarte.- Abokatua
Oraindik dut gogoan Zuzenbide Fakultatean egin nuen
euskarazko azterketa bat. Zuzenbide Adminstratiboko irakasle batek,
galdetu zidan, Eleiza katolikoak emakumezkoak baztertzen bazituen
ea, Auzitegi Konstituzionalak Eleiza Katolikoa inkonstituzional
deklaratu zezakeen. Ikasle nintzen aldetik, eta Auzitegi Konstituzionalak
dituen ahalmenez jabeturik ez nuen zalantzarik izan. Baietz erantzun
nion, izan ere, bazterketa horren ondorioz Konstituzioaren 14. artikulua
(berdintasunaren printzipioa) urratzen baita. Horren harian argumentazio
luze bezain okerra egin nion. Amaitu nuenean irakasleak esan zidan
Auzitegi Konstituzionalak ezin zuela horretan parte hartu, Eliza
Katolikoa erakunde pribatua zelako eta nik erantzun nion, hura,
Zuzenbidezkoa baino, euskarazko azterketa zela. Horretan aprobatuta
nengoela esan zidan.
Gustora atara nintzen, eta ez bakarrik azterketa aprobatu nuelako,
baizik eta, bere bitartez argi ikusi nuelako Zuzenbide pribatuak
hainbat suposamendu saiestu edo lortzeko eskaini ditzakeen posibilitateak.
Eurocopa dala eta, aurreko batean eztabaida izan zen ETBren Kalaka
saioan. Gaia, Espainiaren selekzioaren ingurukoa zen, ea euskaldunok
(Hegoaldekook) Espainiako selekzioaren alde gauden ala ez. Zelan
ez, planteamendu horrekin, azkar azaldu ziran Euskal Selekzioen
inguruko hausnarketak.
Argumentazioen artean, agian aipagarriena Joseba Arregirena izan
zan, behin eta berriro errepikatu baitzuen Federazioak erakunde
“parapribatuak” dirala, hortaz, lotuta daudela egungo
markoarekin, gure Herriari bere osotasunean komunitate politikoren
izaerarik aitortzen ez dion markoarekin, alegia. Era horretan agertu
nahi zuen euskaldunok alperrik ari garela Euskal Selekzioen ofizialtasuna
aldarrikatzen, marko juridikoa aldatzen ez dan bitartean –bere
ustez- auzi hori ez baita konponduko.
Arrazoia zuen hein baten Joseba Arregik, Federazioen (Hegoaldeko
eta Estatu espainolekoak) alde publikoa defendatzen zuenean, izan
ere, alderdi horrek lotzen baitu Federazio autonomiko bakoitza bere
gaineko administrazioarekin. Arrazoi horregatik, hain zuzen ere,
ezin daiteke eratu Hegoalde mailako kirol Federaziorik.
Joseba Arregik kirolaren alorrean agertu nahi zuen esistentzialismo
fatalistaren pentsakera: “Honek ez du konponbiderik”,
“Euskal Herria Espainia da”, eta “horren aurrean
ez dago zereginik”. Esan beharra dago pentsakera hori modu
interesatuan zabalduta dagoela oso, baita kirolean ere.
Etsipenetik ez da ezer sortuko, eta esistentzialismo fatalista,
edo fatalismo esistentzialistaren aurrean positibismo bitalista
kokatu behar dugu. Juan Gorriti artistak landu, eta Pirritx eta
Porrrotx pailazo euskaldunek zabaldutako ideian kokatzen da korronte
hau. “Bihotza, burua, eskuak. Pentsatu, sentitu eta egin”
Egia da, gure Herri-nortasuna garatu ahal izateko, legeek, lege
arrotzek, eta lege horien gainean epaitegiek egiten dituzten interpretazioek,
hainbat muga ezartzen digutela, baina ezin dugu ahaztu, legearen
bitartez ate bat itxi nahi duenari, gehienetan zabalik geratzen
zaiola zirrikituren bat. Zuzenbide publikoaren bitartez eragotzitakoa,
batzutan, Zuzenbide pribatuaren bitartez gauzatu daiteke.
Paradoxikoa izan daiteke, bere burua ezkertiartzat duenak Zuzenbide
pribatuaren aldeko jarrerak agertzea, baina gauzak bere neurrian
kokatzen badira, argi ikusiko da kasu honetan Zuzenbide pribatuaren
erabilpenerako egiten den proposamena, planteamendu ideolojiko bati,
baino, jarrera taktiko bati ematen diola erantzuna.
Metodo enpirikoari jarraikiz, goazen bada, adibide konkretuetara.
Esaterako, eskema autonomikoa gaindituz, Euskal Herri mailako antolakunde
bat eratu nahi bada haur eta gazteen euskarazko irakaskuntzarako,
derrigorrez jo beharra dago Zuzenbide pribatura. Horrela Zuzenbide
pribatua erabiliz, gaur egun badugu zorionez Euskal Herriko Ikastolen
Konfederazioa, lurralde guztietan presentzia duena maila berdinean.
Urrutira joan gabe, beste adibide bat ere ekar dezakegu. Berdintasunaren
Legearen efektoak bazter utziz, Irunen edo Hondarribin Alarde bat
antolatu nahi bada, emakumezkoek bakarrik parte har dezaketela “Kantinera”
gisan, derrigorrez jo beharra dago Zuzenbide pribatura, eta Alarde
hori Udalek baino, Fundazio batek antolatzen badu, aipatu Legea
ez zaio aplikagarria izango.
Kirol Federazioen arloan gauza bera gertatzen da, egun ez da posible,
legez antolatzea Hego Euskal Herri mailako Kirol Federaziorik, Federazio
autonomikoak lotuta daudelako beren gaineko administrazioarekin.
Kirol Federazioak pribatizatuez gero, aukera zabalduko litzateke
gainditzeko egungo antolaketa administratiboa. Euskal Selekzioen
aldeko Herri-mugimenduak zentzu horretan egindako proposamena zuzena
da, nahiz eta, agian eta momentuz, ez den behar bezala azaldu.
Zuzenbide pribatuaren erabilpen taktikoak Naziogintzan eragin zuzena
izateaz gain, tresna eraginkorra izan daiteke antolaketa autonomikoa
gainditu nahi denean.
Herri-Kontsulta dela eta, duela gutxi ikusi dugu Zuzenbide pribatuaren
erabilpena Elorrion. Elorrioko Udalak iragarri zuen AHTren egitasmoaren
gaineko herri-kontsulta bat. Bada, Bilboko Kontentziosoko 4. Epaitegiak
debekatu egin zuen herri-kontsulta hori, bertako Alkatea zuzenean
mehatxatuz. Udalak behin behineko eran bertan behera utzi bazuen
herri-kontsulta, herritar talde batek aurrera eraman zuen aipatu
egintza.
Ibarretxe Lehendakariaren Gobernuak, Herri-Kontsulta deitzeko asmoarekin
Lege-egitasmoa aurkeztu du. Jakina denez, lege-egitasmo hori datorren
27an bozkatuko da Gasteizen, eta bozketa horren emaitza oraindik
ezagutzen ez bada ere, estatuko gobernuak dagoeneko iragarri du
sortuko omen den Lege horren kontrako Konstituzionaltasun Helegitea,
balizko Legea bost hilabete luzagarriz suspentsoan utziko lukeena.
Hipotesi horren aurrean zer gertatuko den, Iñigo Urkuluk
adierazi du bere alderdiak onartu egingo lukeela Auzitegi Konstituzionalak
esandakoa; Ibarretxek geroago berretsi du jarrera hori. Niko Moreno,
Elorriko Alkateak ere, onartu egin zuen Epaitegiak ezarritakoa,
eta halere Elorrion herri-kontsulta egin zen.
Hortaz, Auzitegi Konstituzionalak herri-kontsulta hori debekatzen
badu, ez da kontsultarik egongo? Nik behintzat ez dakit, baina herritar
bezala argi daukat Ibarretxek euskal jendartearen aurrean hartu
dituen konpromisoak ezin ditzakeela bere horretan utzi. Agian Lehendakari
gisan ezingo du kontsulta bat antolatu, herritar gisan ordea, bai.
Suposamendu guzti horien inguruan ez dakit “Erabaki”
izeneko Plataforma sortu berriak zer pentsatu duen, baina argi dago,
holango erakunde pribatu batek gaitasuna erakutsi beharko lukeela
Gasteizko Legebiltzarraren ordez herri-kontsulta deitu eta gauzatzeko,
Eta ez dugu ahaztu behar, Plataforma horrek, erakunde pribatua izanik,
kontsulta bera Nafarroan ere egin lezakeela. Hortaz, urriaren 25ean
herri-kontsulta ez deitzeko ez dago inolako aitxakirik.
Uste dut datorren 27aren aurretik, eta ostean ere, Ibarretxek hitz
egin beharko lukeela Niko Morenorekin.
|